You are on page 1of 7

HAMLET WILLIAM SHAKESPEARE 1-A OBRA HONEN EZAUGARRIAK Hamlet-en irudikatzen da gazte nahigabetu baten barne borroka, inguruan

duen mundu ustela deskribatzen duenean. Aita hilko diote, eta horrek barne gatazka sortaraziko dio, autentikotasunaren eta itxurakeriaren artean. Aurkituko duen ustelkeriak berdin eragiten dio erregeari, erreginari, gorteari, inguruko munduari, eta Hamlet gazteak gaiztakeria borrokatzea erabakiko du.. Aita duen Danimarkako erregearen heriotzak malenkonia handia eraginen dio. Ama Claudius-rekin, errege berriarekin ezkonduko da. Hamlet-ek susmoak izanen ditu. Gau batez, jauregian barna nora ezean dabilela, aitaren mamua azalduko zaio, eta hark kontatuko dio Claudius-ek erail zuela, errege izateko eta Hamlet-en amarekin ezkontzeko. Hamlet-ek erabakiko du aitaren erailea hil behar duela, baina hilketak berak larritasuna eragiten dio eta aitzakia bila arituko da mendekua atzeratzeko. Ero plantak eginen ditu, gortean ez dezaten susmatu zein asmo dituen. Hamlet zalantzaren eta ekintzaren artean arituko da. Errenazimenduko printze kultu eta fina da, eta mendekua ez dagokio bere mailako bati, baizik eta kontzientziarik gabeko gizonari. Shakespeare-n obretako pertsonaia batzuk pasio baten edo izaera baten prototipo unibertsalak bihurtu dira: Lear erregea, gurasoekiko pasioarena; Macbeth, askonahiaren prototipoa; Romeo eta Julieta, maiteminduena; Otelo, zeloena; eta Hamlet, azkenik, zalantzarena, erabaki ezarena. Duda-muda eta zalantzak kontzientzia arazoen ondorio dira. Aitaren mamuak mendekua eskatzen dio, baina horrek tradiziora itzulera esan nahi du. Hamlet-ek ez du mendekua nahi, baizik eta egia eta justizia. Eskrupuluek, zalantzek, hausnarketek, eraginen dute egindako kaltearen ordainketa atzeratzea, luzatzea. Hamlet-en hipersentiberatasunak, gaizkiarekiko aurrez aurre dela, haren borondatea ahultzen du, azkartasuna murrizten dio eta justizia egiteko mendekua sustatzen du. Literarioki, Hamlet pertsonaia osoa da nortasun baten irudia den aldetik, baina bakarrik bizi da Shakespeare-n obran. Zentzu horretan, Hamlet ez da eroa, iruzurtia edo kriminala, aitzitik, sorkuntza poetikoa da, tragedia honetarako beharrezkoa den nortasun konplexua. Duen izaera noble, idealista eta hipersentibera gatazkan biziko da eguneroko bizitzako gaizkiarekin, arazo handiegirik gabe. Ez da gai giza pasioetan, inguruko gezur, hipokrisi, traizio edo engainuetan murgiltzeko. Bere osabak berak hilko du aita tronua eskuratzeko. Hamlet-ek eta aitak biziki maite zuten amak, laster ahaztuko du senarra eta haren hiltzailearekin ezkonduko. Hamlet-en kideek, osabaren zerbitzura, espiatu eginen dute, eta hura hiltzeko azpijokoan arituko dira. Hamlet-en inguruan, salbu eta Ophelia eta Horatio, oro da gezur. Gaiztakeria inguru horren aurrean, Hamlet-i ironia eta sarkasmoa baizik ez zaizkio geldituko, eta eromena misterioarekin nahasiko da. Horrek guztiak errealitatetik ihes egitea esan nahi du, horixe izanen du saria, sufrimendu moraletik ihes

egiteagatik, inguratzen duen krudeltasunetik urruntzea, Opheliaren aita Polonius-ekin izandako elkarrizketan ikus daitekeenez. Emakumetasuna, Ophelia, bere amaren desleialtasunaren ikuspegitik ikustean, Hamlet-ek sentitzen duen maitasunaren gainean zalantza eginen du, eta horrek berarengan irudipen okaztagarriak eraginen ditu: maitasunak zakur baten hilotza ernalduko du, eta honek berriz, harrak erdituko ditu. Hamlet-ek ezin du maite, maitasuna, azken finean, bizitzarekiko maitasuna baita, eta berak, zeharo etsia dagoenez, bizitza mespretxatu egiten du. Ondorioz, Opheliarekikoak moztuko ditu. Itxurazko eromena benetako eromen bihurtuko da, Polonius bere aitaordea zelakoan hil ondoren, erregearekin duen elkarrizketan ikusiko den moduan. Bizitzarekiko etsipenak eta gizakiekiko sentitzen duen gorrotoaren ondorioz, hiltzeko gogoa sentituko du. Bizitzarekiko duen pasibotasunak ezgai bihurtuko du ekintzarako. Borondatezko ezintasunetik sortuko da bere aitaren mamuaren egiazkotasunaren gaineko zalantza, eta baita ere berak gertakariak ulertzeko duen gaitasunaren gaineko zalantza. Horregatik antolatuko du antzezpena gortean, eta horren ondorioz izanen du aitaren hiltzailea erregea delako konbentzimendua. Hamlet-ek mendekua beharrizan gisa planteatuko du. Ophelia minaren minez erotzera iritsiko da, aitaren heriotza eta Hamletek arbuiaturiko maitasuna tarteko, eta ondorioz, Laertes anaiak Hamlet-i duelu desafioa eginen dio. Bertan, Danimarkako printzea zauritu eginen da, eta kasualitate hutsez, erregea hilko du. Halaber, Hamlet-en ama hil eginen da erregeak Hamlet-endako prestaturiko edabe pozoitua edatean. Ekintza hiru fasetan gertatzen da, eta horietan, Hamlet-en bilakaera ikusten da. Lehenbizikoa bukatuko da mamua agertzen denean, lehen ekitaldiaren bukaeran. Bigarrenean, Hamlet Ingalaterrara igorriko dute. Hirugarrenean, Fortinbras Poloniara joanen da. Azken hau tragediaren bukaerarainokoa izanen da. Aitaren heriotzak eta amaren ezkontza azkarrak eraldaketa handia ekarraraziko diote, bi esperientzia berri horiek bizitzearen ondorioz: aitaren heriotza eta gaizkiaren ezagutza. Mamuaren agerpenak iradokita, malenkoniak Hamlet hartuko du. Mundua ikusiko du bazterretaraino belar txarrek menderaturiko lorategia bailitzan. Mamuarekin topo egin ondoren, malenkoniatik asaldatzera pasatuko da, eta mendekatzailearen eromen gisa definitu izan denak menderatuko du Hamlet. Sekretua ez du inorekin partekatuko, eta horrek gainontzeko gizakiengandik urruntzera, jarrera defentsibora, mesfidantzara eta krudeltasunera bideratuko du. Jarrera hori ikus daiteke Poloniusrekin duen harremanean, hartaz gupidagabe trufatuko baita. Mendeku hartzeko beharra badu ere, ez du zirkinik eginen eta eszeptiko agertuko da. Opheliarekiko maitasuna ahaztu eta hartaz trufatuko da. Ingalaterratik itzultzean, onera etorriko da (probidentziak giza bizitzan esku hartuko duelako, justizia jainkotiarra bermatze aldera). Hamlet-ek ulertuko du bere kasua azaldu ezin daitekeen plan baten parte gisa, eta onartuko du, destinoaren arazo bat delako. Bere azken hitzek erakusten dute gogoa duela bere istorioa ezagutu dadin, bere izena ez dadin

zikinduta gelditu. Hamlet-en heriotzak mendeku baten ondorioz, botere goren batek aurreikusitakoaren arabera, beharrezkoa den sakrifizioa suposatzen du.

1-B OBRAN AZALTZEN DIREN GAIAK Shakespeare-n sei tragediek oinarri komuna dute. Guztietan aztertzen da edertasunaren eta itsustasunaren, ongiaren eta gaizkiaren, zintzotasunaren eta zitalkeriaren arteko gatazka. Tragedia horietan borondatea desegin egiten da. Arrunkeriak eta zabarkeriak nortasun sentiberak menderatuko ditu, eta gezurrak egiaren gainetik inposatuko dira. Hamlet obra poetikoa da, ez filosofikoa edo psikologikoa. Literarioki, Hamlet pertsonaia osoa da, tragedia honetarako beharrezkoa den izaera konplexuaren irudikapena baita. Hamlet-en legenda XII. mendean idatzi eta XVI. mendean argitaraturiko Erdi Aroko saga nordikoetan azaltzen da. Litekeena da Shakespeare-k legenda ezagutzea Franoise Belleforest-ek XVI. Mendean argitaraturiko Histoires Tragiques lanerako prestaturiko bertsioaren bidez. Shakespeare-k bere Hamlet sortu zuen titulu bera zuen eta galdu den tragedia batean oinarriturik. Espezialistek, hari, Ur-Hamlet izena eman diote. MENDEKUA Mendekuaren tragedia erabat kritikatu zen isabeldar antzerkiak, Senekaren tragedian jada emanak baziren ere. Odolezko mendekuak ordainketa justiziaren oinarrizko bulkada bati erantzuten dio. Maite dugun norbaiten hilketa mendekatzea betebehartzat jotzen da, dotrina erlijiosoez edo legalez gaindi. Gaiari zentzu tragikoa ematen diote, batetik, arau etiko eta legalen, eta bestetik, norberaren barneko uste sendoen arteko tentsioak. Pertsonaiengan horrek sortzen duen tentsioak eromen gisako egoera psikikoa eraginen die. Eromena, jakina, zentzu zabalean ulertuta. Mendeku tragedietako funtsezko elementuak dira hiru hauek: mendekatzailea bere zereginean luzatzea, protagonistaren heriotza eta homizidio askotarikoak. Pasioa arrazoiari gailentzen zaio. Mendeku grinak isabeldar antzerkiko pertsonaiak bertuteak galtzera eramanen ditu, eta ondorioz, pertsonaia horiek obra bukaeran hiltzea nahitaezko baldintza bihurtzen da. Shakespeare-k sakondu egin zuen mendekuaren gaian, eta mendekatzailearen irudiari berebiziko garrantzia eman zion. Hamlet mendekura deitua zegoen, baina baita ere Fortinbras, Pirro eta Laertes. Fortinbras gudari suhar eta txolintzat aurkeztuko zaigu, baina, era berean, zolia eta trebea izanen da, dituen xedeak erdiesteari dagokionez. Laertes-ek aitaren mendekua jarriko du ororen gaindi; eskrupulurik gabeko mendekatzailea da. Pirro mendekatzaile bortitza eta ankerra da: Priamo agurea zatikatu

eginen du, haren emaztearen aurrean. Azkenik, Hamlet zalantzan arituko da, gai da hiltzeko aztoramen egoeran, baina ez odol hotzarekin, eta aldez aurretik pentsatuta. Hamlet-engan nabarmen ikusten da mendekuaren funtsezko dilema. Mendekuaren gaiarekin batera beste batzuk azalduko dira, hala nola: a) askonahia, Claudius fratrizidiora eramanen duena; b) amaren desleialtasuna edo giza afektuen sendotasunik eza; c) Hamlet eta Ophelia-ren arteko amodioa; d) seme-alaben maitasuna eta familia ohorearen sentimendua.

a) ASKONAHIA, CLAUDIUS FRATRIZIDIORA ERAMANEN DUENA Mamuak Hamlet-i jakinaraziko dio zeinen lazgarria izan den aitaren heriotza, Danimarkako erregea anaia Claudius-ek erahila hil dela eta nola azken hau errege egin den, koinata limurtu ondoren. Shakespeare-k Claudius-i hilketaren egia azaleratuko duten hitzak esanaraziko dizkio: A ze zartakoa nire kontzientziarendako! Ene, zein zama astuna! Hamlet erregearen heriotzaren ondoren, daniar gorteak komenientziazko isiltasuna mantenduko du, erregina alarguna koinatarekin ezkonduagatik ere, nahiz eta eliza protestanteak eta eliza katolikoak halako ezkontzak kondenatzen zituzten. Claudius-ek, posizioa mantentzeko, krimen lazgarria ezkutatu beharra izanen du. Claudius-en egoera pertsonal hori gortera proiektatuko eta orokortuko da, joera nagusia izanen delako itxurak egitea. Itxurak egitea eta hipokresia jokaera arau bihurtuko dira: zerbait usteldua dago Danimarkan. Hamlet-ek, mamuak azaleraturiko gertakariak egiaztatzeko, Claudius zelatatuko du, berak azpilanean antolaturiko antzezpenean zehar, eta Horatiori ere zaintzeko eskatuko dio Hasierako hizketaldi batean, hitzek gertaera lazgarriei eginen diete erreferentzia: dolua gure ezteian, gozamena hiletan. Antzezpenak erregea proban jartzeko balioko du. Hilketa birritan antzeztuko da, lehen aldian errezitatua, eta bigarrenean pantomima eran, eta horrek, tentsioa areagoaraziko du. Claudius erregeak ez du erreakzionatuko pantomimaren aurrean, nahiz eta bertan, aktore erregea pozoitu eginen duen gizon batek, koroa lapurtu eta erregina alargunarekin ezkondu ondoren. Alabaina, alde errezitatuan erreakzionatuko du, Lucianus izeneko bat, pozoitzailea hain zuzen ere, erregearen iloba dela jakiten denean. Claudiusek funtzioa eteteko aginduko du. Bere erreakzioa, batez ere Hamlet-ek eraila izatearen beldurrari zor zaio, eta erreakzio hori arrakasta izanen da Hamlet-endako. Claudius-ek uste du Hamlet-ek badakiela zein den bere sekretua, eta mendekua galarazi nahiko du,

Ingalaterrarako bidaia azkartuz, heriotza zigorra sinatua baitzen. Hamlet azkenik erregeari jarri dion tranpan eroriko da: duelu simulazio bat, egiazko bihurtuko dena. Claudius-ek merezi duena jasoko du eta hil eginen da, berak prestaturiko pozoinaren ondorioz. Hamlet-ek zuzenduko dizkion azken hitzak hauek izanen dira: Har ezazu, daniar madarikatua, kriminala, intzestu-egilea! Edan ezazu edabea!. Askonahiak suntsipenera eramanen du. b) AMAREN DESLEIALTASUNA EDO GIZA AFEKTUEN SENDOTASUNIK EZA Erreginak laster ahaztuko du hildako senarrarekiko maitasuna eta Claudius koinatuarekin ezkonduko da, baina Hamlet-ek, lehen monologoan, ezkontza hori intzestutzat duela adieraziko du; mamuak ere iritzi bera izanen du. Erreginak gainera, Claudius-ek hala aginduta, bere semea bera zelatatuko du, zein sekretu duen jakiteko. Erreginak lehen senarrarekiko lotura afektiboa azkar hausteak eragin suntsigarria izanen du Hamlet-engan, eta ondorioz, misoginian eroriko da, eta mundua belar txarrek mendean hartutako lorategi gisa ikusiko du. Misoginia horrek eraginen du protagonistarengan desioa aldioro deuseztatzea. Mamuak Claudius adulteriogiletzat joko du eta erreginaren desleialtasuna deitoratuko du, nahiz era berean erregina babestu nahiko duen. Legendan, Belleforest-en bertsioaren arabera, adulterioak dakarren konplizitatea iradokitzen zen (ildo horretan, erreginak ere zerikusia izanen zukeen senarraren heriotzarekin) baina Shakespeare-n lanean ez zaio horri inongo aipamenik egiten. Izpirituaren bigarren agerraldian, erreginak ezin du ikusi. Gertakari horrek jaso duen interpretazioa da, batetik, erregina moralki itsu dagoela, eta bestetik, Hamlet-en proiekzio mentala. Ama eta semea bakarrik geldituko dira eta Hamlet-ek lortuko du erregina bere alde jartzea, nahiz eta bihotza erdibitu behar izan dion. Agerraldi hori antzerki unibertsaleko eszenarik intentsuenetakoa da: Hamlet-ek amari ikustarazi nahi dio senar izan zuenarekiko dituen sentimenduen irmotasunik eza, eta zein den diferentzia bere aitarekin izan zuen amodio benetakoaren eta Claudius-ekin duen harremanaren artean. Une batean, erreginak esanen du: Ah, Hamlet, ez jarraitu horretan. Begiak nire arimaren barrenera bideratzen dizkidazu, eta bertan ezaba ezin daitezkeen orban beltz eta sakonak ikusten ditut. Gertrude barrutik zatiturik dago, bigarren senarrarekiko eta semearekiko maitasunen artean. Hala ere, hil eginen da, Claudius-ek pozoituriko kopatik ez edateko emandako agindua ez betetzeagatik. c) HAMLET ETA OPHELIAREN ARTEKO AMODIOA Gutxi iraunen du Hamlet-en amodioak Ophelia-rekiko. Bere amaren jokaeraren ondorioz

misoginiara joko du, orokortzeko duen joeraren harira: amarekin darabilen ZU formatik, ZUEK formara pasako da, Ophelia barne hartuz. Orokortze hori bere hitzetan ikusiko dugu: Ahuldade, emakume izena duzu. Hamlet murgilaraziko duen abaildura eta malenkoniak, maitasunarekiko desiotik aldenduko du. Eraldatu eginen da, eta izaki malenkoniatsua bihurtuko da, ez bizitzan eta ez ekintzan ere federik gabekoa Hamlet-ek biziko duen lehen eraldaketa, Ophelia behatzeko eginen duen bisitaldi arraroan ikusiko dugu. Ophelia-k aitaren aginduz, gutunak Hamlet-i itzularaziko dizkio, agian bere maitale izandakoaren leialtasuna probatzeko. Ophelia ere arituko da Hamlet zelatatzen, eta hortaz ohartzen denean, Hamlet-ek besteen bandoan kokatuko du neska. Hamlet-ek jokaera xelebrea erakutsiko du, era berean, Polonius-i eginiko bisitaldian. Ophelia saiatuko da Hamlet-en buruan sartzen, eta saiakera horren aurretik, Hamlet-en bakarrizketa azalduko da, eta bertan, soraiotasuna aurpegiratuko dio. Opheliarekin duen elkarrizketak ulertzera emanen du mindu eginen dela Opheliak opariak itzultzen dizkionean. Ondorioz, bere amaren gisakotzat joko du eta sarkasmoz tratatuko du. Bien arteko eztabaida, hasieran kontu pertsonala badirudi ere, Ophelia-z eta Gertrude-z haratagokoa da. Orokortzea emakume guztiei dagokie. Opheliarekiko jarrera kritikoaren atzean susmo bat ere badago, hain zuzen ere, Opheliak zelatatu egiten duela, eta ondorioz, traizionatu egin duela. Aurrerantzean, Hamlet Opheliaz trufatuko da, antzezpenean zehar duten elkarrizketan ikusten den gisan. Ophelia erotu eginen da Hamlet-ek bere aita hiltzearen ondorioz, eta Hamlet bera ere galduko duelako. Kantuetan maitasun zapuztuaz, traizioaz eta heriotzaz hitz eginen digu. Bigarren zatiaren eduki sexuala nabarmena da. Haren heriotzak, anaiaren mendekua bultzatuko du, eta anaia bere ezpatak zauriturik hilko da. Ophelia hil ondoren, Hamlet-ek esanen du; nik Ophelia maite nuen. Baturik dauden hogei mila anaiaren maitasun guztiak ere ez luke elkarrekin nirearen tamainarik emanen. d) SEME-ALABEN MAITASUNA ETA FAMILIA OHOREAREN SENTIMENDUA Hamlet erregearen heriotzaren ondoren, bere itxura bera duen mamu batek izen bera duen semeari esanen dio aitarena ez dela heriotza naturala izan, baizik eta tronuan ondorengo izan duenak, Claudius anaiak, eragindako hilketa. Hamlet-ek, ondorioz, aitaren hilketa mendekatu beharko du. Lehenik eta behin, jakin beharko du mamua benetakoa den edo mamu gaizto bat den, infernutik igorria, Hamlet krimenera bultzatzeko. Claudius ere agerian utzi beharko du, eta frogatu aitaren hiltzailea dela. Hamlet-ek irteerarik gabeko dilema izanen du aurrean: seme ona izatea eta aitaren heriotza mendekatzea, edo erregearen mendeko ona izatea eta erregea ez hiltzea eta ondorioz bekatua egitea. Hamlet ez da aitaren heriotza mendekatu beharko duen seme bakarra. Laertes eta

Fortinbras-ek ere beraienak mendekatu beharko dituzte. Aitaren, semearen edo maite den norbaiten hilketa mendekatzea betebehartzat jotzen zen, doktrina erlijiosoen gaindi (mendekua bekatu da) eta estatuaren legeen gaindi (mendekua krimena da). Fortinbras eta Laertes antzekoak dira moralari dagokionez, bihozgabeak baitira biak, baina Hamletengan nabarmen geldituko da mendekuaren funtsezko dilema. Hamlet errege zenduaren arima herratua semearen aurrean azalduko da, mamuaren bidez. Sufritzen duen izpiritu gisa azalduko da, semearen maitasunari dei eginen dio, erregina babestuko du. Lehenaldia hobea izan zela gogoraraziko du, galdu den perfekzioaren ideala. Baina mendeku izpiritua ere bada: Hamlet erregearen krimena benetakoa bada, Claudius-ek zigorra behar du. Baina zigor horren ondorioa Hamlet-en kondena ere izanen da, eta hortaz, printzea zalantzakor ibiliko da: denborak aldrebestu egin dira. Gatazka ankerra, neronek etorri behar mundu honetara zuzentzera. Hamlet ohorearen deiaren eta bere kontzientziaren ahotsaren arteko eztabaidan arituko da, azken honek eragotzi egiten diolako beste inor hiltzea, eta kondena iragartzen diolako. Dilema ebazteko, Hamlet-ek destinuaren arazotzat planteatuko du. Lanaren bukaeran, familia ohorearen defentsa azalduko da, eta familia harremanak babestu eginen dira: erregina semearen alde jarriko da eta semeak onartuko du bere destinoa, familia ohorea gordetze aldera. AURORA TABAR TERESA CHOPERENA

You might also like