You are on page 1of 1

Hecho eta Anso

Alkohol, Estatuan gobernu eza eta eguraldi arraroko uda honetan askotan egon
naiz terrazen abaroan aspaldiko lagunekin. Horietako baten arreba dibortziatuak
aspaldi ezagutu, baina aditu gabeko txistea bota zuen bermut garaian(gazteleraz
doa): Qu, pareja de Hecho?; no, maricones de Anso. Horrelako txisteak entzun
ondoren, garunak jo eta su hasten zait nire ondoko portaera ezin erabakirik:
pasatzen utziko dut?; homofoboa da txistea, zaharra izateaz gainera?;
kartila irakurri beharko nioke txiste kontatzaileari?; eta hori eginda, noraino
ez nuke giroa kakaztuko?; errespetu falta da?; politikoki zuzena noraino da
irentze bat?
Pasatzen utzi nuen kontua nire aukera sexualarekiko batere irain asmorik ez
zegoela erabakita. Gero, egoera behin baino gehiagotan etorri zaidanez gogora,
Zizek filosofo esloveniarraz akordatu naiz. Harendako zuzentasun politikoak, bat,
ez digu bakarrik zer egin behar dugun agintzen, baizik eta desiratzen duguna
erabakitzen digu, eta desiratu beharko genukeen hori ez desiratzeagatik errudun
sentiarazten; eta, bi, elkarren ezagutza irentzen du, benetan alde obszenoa
partekatzea ekiditen baitu. Goiko kasu horretan txiste kontalari emakume
dibortziatu eta marikoi dibortziatu baten arteko elkartasuna sortzea barrearen
bidez.
Eta neurri batean konforme nago nahiz eta egoeran nagoenean iraindua sentitu.
Zuzentasun politikoak errealitatea maskaratzen du, eta, neurri batean, ez
dagoena dagoela aditzera ematen du; emakumeen diskriminazioaren kasuan,
esaterako, gazteleraren las-los etengabeak edo hizkuntza matxismo arrastoez
gardendu nahi izateak hizkuntzaren mendeetako diskriminatzeko tresnaren
arrastoak estaltzen ditu, ez, hala ere, deuseztatzen. Baten batek argudiatuko du,
arrazoiz, aldaketaren balio performatiboa, alegia, ekinaren ekinez gauzak
aldatzen joatea, baina ezin ukatu izango du azalak ezkutatzen duena: emakumeen
mendeetako zapalketa hizkuntzan zigilaturik dagoela. Eta horrela
arrazismoarekin, homofobiarekin, klasismoarekin eta abar.
Qu, pareja de Hecho?; si, y maricones de Anso.

You might also like