You are on page 1of 2

01

HASIERAK

“Ohidura xaharrenek ere ukan dute hastapen bat”

Denbora luzez galdera batek kezkatu egiten zituen zientzilariak: nondik heldu ziren
Europako bazter honetara euskaldunak?

Erantzuna ez zen batere erraza. Gure inguruko giza taldeei buruzko duda gutxi ziren;
oro har Europa guztiko herriek ez zuten buruhauste handirik sortarazten... baina Euskal
Herria ez zuten beren jakintzan kokatu ahal izan. Ezezagunaren aurrean, mota guztiko
teoriak hasi ziren agertzen gure etorkiaz: Ekialdetik etorriak ginela... Afrikatik...
Finlandiatik...

Egia bestelakoa omen da, baina ez zen XX. mendera arte ezagutu. Mendearen
hastapenetan hasi zen serioski Euskal Herria osoan zehar gelditzen diren aztarna
zaharren ikerketa: trikuharriak, harrespilak, kobazuloak... benetan emaitza handia lortuz
nekaezinak ziren Enrique Eguren, Telesforo Aranzadi eta Joxemiel Barandiaran
ikerlariak. Haiei esker erantzuna aurkitu zuen enigmak: euskaldunok ez ginen inondik
etorri izan, hemen bertan sortu baizik.

Gizakia bazebilen lurralde hauetan duela 150.000 bat urte, baina ez dakigu ia nolakoa
zen. Badirudi ehiztaria zela eta harrapatzen zituen animalien artean zezenak eta
elefanteak dira aipagarrienak.

Beranduago, duela 80.000-40.000 urte tartean, Europan zehar zabalduta zegoen


Neanderthal deitu gizakia hemen ere aurkitzen dugu bizitzen; ehiztaria ere bizibidez,
oso gustokoa omen zituen mamuta, zaldia, ahuntza... lehoia, aldiz, batere ez.

Gizaki hau desagertuz gero beste bat zabaldu zen Europan, Cromagnon deitutakoa.
Hau, duela 30.000 urte edo, gure lurretan ere kokatu zen. Gizaki mota hau oraingo bera
da, zientzilariek Homo sapiens sapiens izendatu zutena hain zuzen. Benetan azkarra,
tresneria piloa egiten ikasiz gain, margoak ere egiten zituen. Beraz lehenetariko artista
dugu eta ez makala, batez ere Santimamiñe (B), Isturitze(NB), Altxerri eta Ekain(G)
kobazuloetan ikusten ahal den bezala.

Urteak joan urteak etorri badirudi emeki-emeki Cromagnon gizakia egokituz joan
omen zela bertako giroari, itxuraz pixka bat aldatzen eta oraingo gizaki bera bilakatuz.
Duela gutxi arte teoria hau frogatutzat ematen bazen ere, oraindik egiaztatu behar da
aurkikuntza berrien bidez.

Hementxe gaude, beraz, historiaurretik inondik etorri gabe...Cromagnon gizakia zen


etorri zena; orduan, nondik heldu zen Europara Cromagnon gizakia? Baina hau...
bestelako historia da.